Euskeraz eta Gastelaniaz denbora guztietako literatura zabaltzen duen argitaletxe independentea.
meettok Tejería 16, 20012 Donostia - San Sebastián tel. 943 298 004
1906 - 1989
Samuel Beckett Ostiral Santu batez jaio zen, 1906ko apirilaren 13an; baina jaiotza agiria maiatzaren 13koa da, eta Dublingo errejistro ofiziala ekainaren 14koa. Hasiera bikaina, zinez, absurduaren maisuarentzat.
“Haurtzaro zoriontsua izan nuela esan daiteke. Gurasoek ahal izan zuten guztia egin zuten zoriontsu izan nendin. Baina batzuetan bakarrik sentitzen nintzen.” Erdiko klaseko familia protestante baten seme, amak oso sarri irakurtzen zion Biblia. “Ia kuakero baten modura hezi ninduten, baina laster galdu nuen fedea.”
1923an, Dublingo Trinity College-n sartu zen Filologia Modernoa ikasteko: frantsesa eta italiera. 1928an, Parisera joan zen, frantses irakurle, eta James Joyceren inguruko adiskide eta miresleen zirkuluan sartu zen: biak ziren hizkuntzalari adituak, Danteren zaleak eta literatur forma esperimentaletan interesatuak. Baina garai hartan Parisen zeuden, halaber, Pound, Hemingway, Fitzgerald, Stein, Picasso…
Trinityra itzuli zen, irakasle aritzeko. Kant, Shopenhauer, Chejov, Hölderlin eta besteren lanak irakurri zituen. Parisera bueltan, poesia surrealista itzultzen zuen.
1939an, amari bisita egiten Dublinen dagoela, gerra pizten zen. Berehala itzultzen da Parisera, ordea. “Nahiago nuen Frantzia gerran, Irlanda bakean baino”. Erresistentziarekin bat egin zuen.
1945. urteko amaiera aldean Parisen kokatu, eta bere sorkuntza bizitzako aldirik emankorrena izan zuen. 1951n Molloy eleberria argitaratu zen. Godoten zain antzezlana 1952an argitaratu, eta hurrengo urtean taularatu zen.
60ko hamarkadan zinema, telebista eta irratiarekin esperimentatu zuen. Film baterako gidoia egin zuen, Buster Keaton protagonista zela.
20 antzerki lan, 8 eleberri, 7 eleberri labur, 5 ipuin liburu, 5 poesia liburu, 3 saiakera, itzulpen ugari.
1969an Nobel saria eman, eta onartu egin zuen, Stockholmera joan beharrik ez izatekotan. Haren editore Jêrome Lindon-ek jaso zuen Becketten ordez.
Haren emazte Suzanne 1989ko uztailaren 17an hil zen. Samuel, 1989ko abenduaren 22an. Montparnassen daude ehortzita.